XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Lagundu besterik ez dizut egin nahi adeitsu mintzo zait andre hortzaundia.

Nire agentziaren taldeko erromesak begiztatu ditudala iruditu zait, sorbaldan Interpax bidaia poltsa zuri bana daramaten pertsona nagusien taldea ilaran ikusi dudanean.

- Sireica agentziakoa da txartelak banatzen ari den hori? ilaran azkena dagoenari galdetu diot.

- Lur Santura zatoz zu ere? egurrezko gurutzea du lepotik zintzilik.

- Bai.

Egia da, zer arraio, Lur Santura noa.

Betazalak poliki bilduz itxi egin ditu begiak, eta buruarekin baietz egin, erromesen artean gazte bat ikusteak ematen dion poza apaltasunez adieraziz.

Txartela jasota fakturazioetarako salmahaietara abiatu naiz, segurtasun zerbitzukoen galdeketa zain dudala jakitun.

Hogeita hamar bat urteko neska beltzarana egokitu zait galdetzaile.

- Zertara zoaz Israelera?

- Turismo egitera batik bat, baina kazetari lanak egiteko asmoa ere badut.

- Kazetaritza? Itxoin apur bat, mesedez joan egin zait.

Dozenerdi lagun ari dira galdeketak egiten, salmahaiak baino metro batzuk aurrerago.

Gertu samar dudan gizonezko heldu bati maleta zabaltzeko eskatu diote.

Baina erromes katoliko susmagaitzak dira, itxura batean, bidaiari gehienak, eta galdeketak bizkor ari dira gainditzen.

Berrogei bat urteko gizon potxoloa hurbildu zait, neska beltzarana, orain walkie talkie eta guzti, alboan duela: (...)